Hainbat I+G proiektu garatzen ari da industriak digitalizazioaren, adimen artifizialaren, automatizazio aurreratuaren, jasangarritasunaren eta doitasun handiko fabrikazioaren arloetan dituen erronkei erantzuteko.
Vicky López | Amorebieta
Ekinek I+G bere enpresa estrategiaren zutabeetako bat bihurtu du. Doitasun handiko brotxaketa eta ijezketa soluzioetan espezializatutako Bizkaiko enpresak teknologia berriak garatzeko apustuari eusten dio, automobilgintzaren, aeronautikaren eta energia sorkuntzaren sektoreetako eskakizun gero eta zorrotzagoei erantzuteko.
Guillermo Celaya I+G zuzendariak Empresa XXI egunkariari azaldu dionez, estrategia hori ez da unean uneko ekimen bat; izan ere, industriaren beraren fabrikazio, kontrol eta egiaztapen prozesuen bilakaerak produktibitatea eta kalitatea hobetzeko teknologiak lantzea eskatzen du, baita ekoizpen eredu jasangarriagoetarantz aurrera egitea ere.
Helburu horrekin, Bizkaiko fabrikatzailearen ikerketa jarduera Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programak babestutako hainbat I+G proiektutan gauzatzen da. Proiektu horiek industriaren erronka nagusietan aurrera egitea dute ardatz, hala nola digitalizazioan, adimen artifizialean, automatizazio aurreratuan, jasangarritasunean eta doitasun handiko fabrikazioan.
Horien artean, Aditu proiektua nabarmentzen da. Turbina diskoen automatizaziorako eta fabrikazio digitalerako ezagutza sortzea du erronka, eta Ekinek ia milioi bat euroko aurrekontua bideratzea aurreikusi du horretara 2026tik 2028ra bitartean. Ekimenak automatizazio aurreratua, modelizazio prediktiboa eta fabrikazio prozesu kritikoetan aplikatutako metrologia teknologien integrazioa lantzen ditu. Horretarako, Ekinek zazpi euskal industria enpresak osatutako partzuergo batean parte hartzen du, EHU-CFAA, Ideko, Koniker, Tecnalia eta Vicomtech erakundeen laguntzarekin.
Ildo horri Akats proiektua gehitzen zaio. Brotxak ikuskatzeko adimen artifizialeko ereduak entrenatu ahal izateko akats sintetikoak sortuko dituen tresna bat garatzea du helburu. Vicomtech zentro teknologikoarekin batera, Ekinek adimen artifiziala fabrikazio aurreratuko prozesuen alderdi sentikorrenetako batean aplikatu nahi du: kalitatearen bermatzean. Guillermo Celayak adierazi duenez, akatsak detektatzeko gaitasuna hobetzeak eta trazabilitate digital aurreratua izateak Ekinek automobilgintzako eta aeronautikako bezeroen aurrean duen balio proposamena indartzen lagunduko dute. Horrek martxan dauden proiektuak sendotzea eta eskaera berriak eskuratzea erraztuko du, fabrikazio prozesuaren sendotasuna eta kalitate kontrolaren dokumentu bidezko frogak faktore erabakigarrietako batzuk diren esparruetan.
Jasangarritasunaren arloan, Ekin Brosuste proiektua lantzen ari da, Ceitekin elkarlanean. Doitasunezko mekanizaziorako ekoizpen arduratsuko eredu batean oinarritutako brotxen fabrikazio bide bat garatzea du helburu, ekoizpen eredu zirkularragoetarantz eta ingurumen inpaktu txikiagoa dutenetarantz aurrera egiteko beharrarekin bat etorriz.
Bestalde, ITP, Danobat ONA, Savvy, Metalúrgica Marina, Intenance, Metrología Sariki eta EHUrekin elkarlanean, Eragin proiektuak konpresore moduluak eta tarteko presioko moduluak (IP) fabrikatzeko teknologia gaitzaile eta jasangarrien ikerketa du ardatz. Motorraren eremu horien garapenak negozio aukera berriak irekitzen ditu merkatu berrietan.
Azkenik, Danobat, Engine Power Components Group, Bilbao Electrónica eta Idekorekin lankidetzan, Ekinek adimen artifiziala fabrikan aplikatzen sakontzen jarraitzen du. Lehiakor proiektuaren bidez, fabrikazio prozesuak jasangarritasunaren, kalitatearen eta produktibitatearen ikuspegietatik optimizatu nahi ditu, ikaskuntza sakoneko soluzioak eta industria datuen multzo handiak baliatuz.
Hausnarketa estrategikoa
Enpresa 2027–2029 aldirako hausnarketa estrategikoan murgilduta dago gaur egun. Hausnarketa horretan, aeronautikaren industria ebaketa erreminten arloko lanaren ardatz gisa ikusten du, eta, zehazkiago, konpresore modulurako osagaiak; izan ere, horien eskaria % 20 handitzea aurreikusten da. Hala, jarduera ildoetako batzuk dira esparru horretan erreferentziazko fabrikatzaile gisa kokatzea, sektore aeronautikorako erreminten kalitate maila berriak merkaturatzea eta erremintak birgaitzeko prozesuak txertatzea.
Ekinek brotxen ekoizpenaren % 66 esportatzen du, 325 langile ditu eta lau fabrikazio zentro dauzka: bi Bizkaian, Amorebietan eta Lemoan, eta bi atzerrian, Gurgaon hirian (India) eta Querétaron (Mexiko). Salmenten balioa handitzeak, makina berrien eta eguneratuen monitorizazioan oinarrituta, baita brotxen kalitateari dagokionez lehiakortasuna hobetzeak eta erabiltzen ez diren brotxetatik lehengaiak berreskuratzeko industria eskalara eraman daitekeen hauts metalurgiako prozesu berri bat garatzeak ere, estatuan eta nazioartean duen eraginari eusten lagunduko diote.
Iturria: Empresa XXI, 2026ko azaroaren 1a

